Datu base honetan jasotzen den informazioa Eusko Jaurlaritzako Justizia, Enplegua eta Gizarte Segurantzako Saileko Gizarteratzeko Sailburuordetzak urtero egiten duen estatistika eragiketatik -"Gizarte zerbitzuetan egiten den gastu publikoa"- hartua da, eta burututako azken ekitaldiari dagozkion emaitzak jasotzen ditu.
Zer gastu hartu behar diren kontuan erabakitzeko, eta gero haiek ordenatzeko, kontabilitate irizpide hauek hartu dira oinarritzat:
a) Gure lege xedapenetan gizarte zerbitzu bezala definitzen diren programa, zerbitzu eta laguntzen multzo osoa definitzen da aztertu nahi den babes sistematzat, eta horiei, beren interes bereziagatik eta hurbiltasunagatik, enplegu zentro bereziak gehitzen zaizkie, izaeraz gizarte eta lan mundurako txertakuntza alorrari badagozkio ere.
b) Lehen hurbilpen gisa, eragiketa estatistiko honek administrazio publikoek babes sistema hau, lehen kontabilitate eremutik laugarrenerako guztietan dituzten gastu arruntei begiratzen die bakar-bakarrik.
c) Azkenean gastu publiko arrunt xahua hartzen da kontuan azkenik, ez gastu publiko arrunt gordina, eta horretan konparazio homogeneoak egin ahal izan daitezen; jardueratik ateratzen diren diru-sarrera arruntak -zentro publiko baten erabiltzaileek ordaintzen dituzten kuotak, adibidez-, gastu arrunt osoetatik kentzen dira. Diru emaitza xahuak hartzen dira, beraz, kontuan, saldoak kontuan harturik.
d) Administrazioen arteko transferentziak ugari ea handiak diren sistema batean, kontu-sailak finkaturik aurkezten dira, eta gastua lehenengo transferentzia egindako erakunde publikoak egintzat ematen dira, transferentzia hori xede jakin baterako egintzat ematen bada betiere; oinarrizko errenta, gizarte larrialdietako laguntzak, edota Gobernuan oinarrizko gizarte zerbitzuak indartzeko ematen dituen laguntzak, erakunde horrek egindako gastutzat hartzen dira, adibideei jarraitzeagatik.
e) Udalerriz gaindiko administrazioek egindako gastu guztiak Gipuzkoako udalerrien artean banatzen dira, laguntzaren onura jasotzen duen pertsonaren bizilekua kontuan harturik, batez ere. Arau orokor horretatik bi salbuespen baizik ez dira egiten: egoitzatan egiteko egonaldian finantzatzeko gastuak, laguntza-hartzailea erakunde horietan sartu aurretik erroldan sartuta zegoen udalerriaren arabera banatzen baita, eta funtzionamenduko gastu orokorrak, udalerrien artean beren biztanle kopuruaren arabera hainbanaka banatzen baitira.
Administrazio publikoek gizarte zerbitzuen mantenimendurako egiten duten gastu arrunt xahua hiru ikuspegi desberdinen arabera agertzen da ordenatuta: gastua egin duen erakunde publikoaren arabera, diru horrekin zerbitzatzen den biztanleriaren sektorearen arabera, eta diru hori gastatzen den programa edo zerbitzu motaren arabera.
Lan honetan agertzen diren erakunde publiko finantzatzaileak era honetara daude definituta:
- Gipuzkoako udal guztiak; haien ekarpenak dagokien udalek egintzat jasotzen dira beti.
- Gipuzkoako Foru Aldundia, erakunde bakartzat harturik; hari dagokion kontu-sailean sartzen dira Gizarte Politikarako Sailak egindako gastu arrunteko partidak, eta Gizarte Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamenduak gizarte zerbitzuen alorrerako egindakoak.
- Eusko Jaurlaritza ere kopuru orokorretan agertzen da; haren gastua bi Sailburuordetzatatik bideratzen da batez ere: Gizarteratzeko Sailburuordetza eta Gizarte Gaietako Sailburuordetza.
- Beste erakunde batzuk; honetan, bateraturik jasotzen dira Europako dirulaguntzez bideratutako programa batzuk, pisu ekonomiko handirik gabeak, eta batez ere INEMek enplegu zentro bereziak mantentzeko egiten dituen gastuak.
Lan honetan kontuan hartzen diren gizarte sektoreak tradizionalak dira; laguntzen onuradunak elkarrekin batu ezin daitezkeen bost kategoriatan banatzen dira:
- Pertsona nagusiak: adinaren arabera, hirurogeita bost urte bete dituztelako definitzen den taldea, alegia.
- Ezintasunak dituzten pertsonak: ezintasunak dituztelako eta hirurogeita bost urte oraindik bete ez dituztelako definitzen den pertsona taldea.
- Adin txikikoak, familia eta sexua: arrisku egoeran edo babesik gabeko egoeran dauden adin txikiko haurrek, beren sexuagatik diskriminazio egoeraren bat nozitzen ari diren emakumezkoek eta Eusko Jaurlaritzatik beren kargura dituzten adin txikiko haur kopuruagatik emandako laguntzak jasotzen dituzten familiek osatzen dute sektore hau.
- Pobretasun eta gizarte bazterkuntzazko egoera; horretan sartzen dira ekonomia edo gizarte arazoak dituzten gainerako pertsonak.
- Biztanle multzoa, sistemaren lehen mailako arreta sarearen -edo sare orokorraren- funtzionamendurako gastuak, eta bestelakoetan nekez sar daitezkeen sektorez gainerako programa edo ekimenetarako gastuak atxikitzen zaizkion taldea, alegia. Ez da ahaztu behar etxez etxeko sorospen zerbitzuaren gastuak bai, sektoreka banatuta daudela, eta aipatu diren lehenengo hiru sektoreen artean daudela banatuta.
Azkenik, programak, zerbitzuak eta laguntzak zazpi kategoriatan ordenatuta daude; era honetan definitzen dira kategoria horiek:
- Egoitza zerbitzuak; hauetan arreta mota hau eskatzen duten formula guztiak biltzen dira: familia harrera, atospen etxeak, babespeko apartamenduak, etxebizitza babestuak eta egoitza zentroak.
- Aldikako diru laguntzak: Gizarte Ongizateko Fondoaren eta Elbarritasunak Dituzten Pertsonak Gizarteratzeko Legearen laguntzak, zerga gabeko pentsioak, oinarrizko errenta eta foru osagarriak.
- Aldian aldiko diru lagutnzak: Gizarte Behar Larrietarako laguntzak eta abar.
- Gizarte arretarako zentroak; egoitza zentroak izan gabe, beren erabiltzaileei arreta pertsonalizatua eskuarki ematen dieten zetroak sartzen dira honetan: eguneko zentroak, lanbide zentroak, eta enplegu zentro bereziak.
- Etxez etxeko sorospen eta telealarma zerbitzuak.
- Beste sustapen, prebentzio eta gizarteratze zerbitzu batzuk; eta hauei gehitu behar zaizkie gizatalde jakin batzuen aisiarako eta denbora-pasarako zentroen mantenimendurako gastuak.
- Eskuartzeko talde teknikoak, oinarrizko gizarte zerbitzuek eta udal mailako edo udalaz gaindiko mailako erakundeetatik arazoen arreta zuzenean hartzen duten taldeek osatuak.
Datu basea udalerri bakoitzeko gizarte zerbitzuen egoeraz informazio ekonomikoa eskaintzeko diseinatuta dago, eta aztertu nahi den udalerria aukeratzea eskatzen du, horrenbestez. Behin aukera hori egin ondoren, eskuratzen den informazio guztia lau eremu desberdini dagokio sistematikoki: aztertu nahi den udalerria, haren eskualdea, haren neurri bereko gainerako udalerri guztien multzoa eta Lurralde osoa.
Eskaintzen den informazioa taulatan antolaturik dago, eta datu estatistikoek eta adierazleek osatzen dute.
Datu estatistikoak agertzen dira beti lehenengo; taula bakoitzari dagozkion gastu osoa azaltzen duten kopuruak dira, eta ez dute aukerarik ematen, jakina, udalerriaren egoera beste hiru erreferentzia eremuetakoarekin alderatzeko, errealitate heterogeneoak baitira: bi helburu lortzeko sartu dira tauletan:
- kopuru horiek jatorrizko kopuruekin konparatu ahal izateko, eta, akatsik bada, zuzentzeko, eta
- behar izanez gero, eragiketa logiko eta erraz batzuen bidez, guztirako gastu hori osatzen duten gastu partidak kalkulatu ahal izateko.
Adierazleak dira eskaintzen den informazioaren gorputz nagusia, horiei esker egin baitaitezke udalerri bakoitzaren eta bere erreferentziako hiru eremuen arteko konparaketa esanguratsuak; gehien erabiltzen diren adierazleak per capita gastua, erregistroan jasotako pertsona nagusiko edo ezintasuna duen pertsonako gastua, eta, hala behar izanez gero, gastua erakundeak dituen sarrerekin alderatuta, erakunde bakoitzak finantzatzen duen gastu proportzioa... dira.
Informazioa eskuratzeko modua bi analisi mota egiteko dago batez ere diseinatuta; analisi horietako bat finantzazkoa da batez ere, zerbitzuak ordaintzen dituzten erakunde publikoen inguruan egituratua; bestea orokorragoa da, eta udalerrian, gastu publikoaren ikuspegitik, finantza iturburua zein den kontuan hartu gabe, zerbitzuak zenbateraino dauden garatuta aztertzeko aukera ematen du.
Bi aukera hauetako lehenengoa, finantza ikuspegitik begiratutako analisia egitekoa, hautatzen denean, elkarrekin loturik dauden hiru mailatan mailakatutako informazio taulak eskuratzen dira:
- Lehenengo mailan, sarrerakoan, udalerriko taula bat baizik ez dago, eta gastu orokorra finantza iturburuen arabera agertzen da banaturik: udalak, Foru Aldundia, Jaurlaritza eta beste.
- Bigarren mailan, erakunde horietako bakoitzaren gastuak arreta sektoreka banaturik agertzen dira, eta udalerri bakoitzeko lau taula azaltzen dira.
- Hirugarrenean, azkenik, erakunde bakoitzak sektore bakoitzean egiten dituen gastuak programen, zerbitzuen eta emandako laguntzen arabera agertzen dira banaturik; horregatik, hain zuzen, erakunde guztiek sektore guztietan lan egiten ez dutela kontuan harturik, hamasei taula agertzen dira udalerri bakoitzeko.
Bigarren aukera hautatzen denean, zerbitzuak udalerrian, ikuspegi ekonomiko batetik, baina finantza iturburuak kontuan hartu gabe, zenbateraino dauden garatuta aztertzeko aukera egiten denean, bi mailatan mailakatuta agertzen dira eskuratzen diren taulak.
- Lehenengo mailan, sarrerakoan, udalerri bakoitzeko taula bat baizik ez dago, eta gastu orokorra arreta sektoreen arabera agertzen da banaturik:
- Bigarrenean udalerri bakoitzeko sei taula agertzen dira, bost sektoreetako bakoitzeko taula bana, eta guztirakoak jasotzen dituen beste taula bat, eta gastuak programa, laguntza edo zerbitzu motaren arabera agertzen dira banaturik.