Arazo zaila eta konplexutasun handikoa da; neurri asko eta era askotakoak hartu dituzte azkeneko urte hauetan Foru Aldundiak eta udalek arazo hori bideratu eta arintzeko; eta hala, Gizarte Politikarako Departamenduak Behategi hau martxan jartzeko erabakia ere leku batetik besterako desberdintasunak arintzeko politika horren barruan behar da kokatu. Arartekoak Eusko Legebiltzarrari Autonomia Erkidego honetako oinarrizko gizarte zerbitzuen egoerari buruz aurkeztutako txosten monografikoak leku askotan seinalatzen zituen lana egiteko modu bakanduak edo oso konpartimentatuak, udalen arteko komunikazio urria, informazio konparaturik eza, elkar ez ezagutzea... egoeren desberdintasun horrek irauteko arrazoi zehatz bezala, eta Behategi hau egoera horri irtenbide egoki bat eman ahal izateko lanerako baliabide bezala aurkezten da.
Helburu nagusia, bada, udal gizarte zerbitzuetako arduradun tekniko eta politikoei, eta herritar guztiei, oro har, beren udaleko gizarte zerbitzuak Gipuzkoako beste edozein udalerrikotako edo Gipuzkoako udalerri guztietako gizarte zerbitzuak dauden egoerarekin, modu homologagarri batean, alderatu ahal izateko behar den informazio egokia ematea da, eta horretara, udalen eta Foru Aldundiaren arteko lankidetza harremanak argitu eta hobetu ahal izateko, alde batetik, eta erabakia hartzeko orduan garrantzia handiko erreferentzia puntua izateko bestetik.
Gizarte Zerbitzuen Behategia, beste alde batetik, denbora guztian eguneraturik -edo urtean behin eguneraturik, gutxienez- eduki nahi den proiektu bat bezala hartzen da, gainera, eta moduluka zabaldu nahi da orobat, gaur egun eskura dauden estatistikak ahalik eta hobekien aprobetxatuz, eta estatistika gehiago eginez eta babes sistema honetan esku duten administrazio publikoen artean informazio trukea errazteko bide berriak ezarriz.